XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Azterketa honetan Erdiko Ziklorako ikuspegi berria izan dela esan genezake nahasteko beldurrik gabe, eta hau lanaren barneko muinetan ikus daiteke.

Hala eta guztiz ere, ez gara barneko eraberritze sakonean soilik geratu, garrantzizkoena, denaren arrazoia aipatuz, kanpoko itxurak ere tankera berria hartu du, Erdiko Zikloaren ikasmaila guztietan mantenuko delakoan.

Zergatik, ordea, hiru urteetako egitura berdina?.

Orduan, eta orain ere, gure irakaskuntza, guk nahi edo nahi ez, kanpotik presionatzen duen giroaren zerbitzaria da, hitzez-hitz esanda ez bada ere, aldizka eta indarrez, guk uste baino, edo guk nahi baino, eragin handiagoz jo eta astintzen gaitu.

Denok dakigu, era berean hau ere, irakaskuntzan mugitzen garenean aukera gutxi ditugula gaiak eta berauen baliapideak gure tankerara moldatzeko.

Hala eta guztiz ere, giro horretan gabiltza, ahalik eta hobekien, euskarari eutsi nahian, lan zaila eta eskerga benetan.

Baina bestalde, aurrera egiteko gogoa badela, eta bideak jorratzen etengabe ari garenez gero, egokia eta koherentea iruditu zaigu, besteak beste, kanpoko egitura, bederen, ikasmaila guztietan gordetzea.

Hizkuntza ikasteko prozedura irmo baten jabe egin behar dugula uste dugu.

Joera jatorrak aukeratu ondoren, ikasteko baliapide logikoak behar dira, nahiz eta maiz hoberenak ez izan.

Guk baino lehenago batek hola esan omen zuen: gizona ohituradun animalia zela, zorionez edo zoritxarrez hau konstante bat bihurtu zaigu.

Ohiturak aldakorrak dira, egia, baina batzu galduz doazen bezala, beste batzuk, ordea, sortuz eta sortuz doaz.

Hizkuntz irakaskuntzaren arloan nolako azpiegiturak jartzen ditugun gogoan hartu behar da.

Ohiturak sortarazi beharko dira, mekanizismoak sendotu, eguneroko hizkerak duen indarra eta bizitasuna gureganatu, ikasgeletan ikasitako egiturak burutu eta erabilkeraren bitartez zabaldu... eta hau metodoaren bitartez lor daiteke.

Izan ere, horregatik erabaki dugu hiru urteotako kanpoko egitura iraunkor eta berbera onartzea, nahiz eta barruko mamian ikasmaila bakoitzak berezitasunez beterik egon.

3. Orokortasunaren barruan ari garelarik, oso garrantzizkoa iruditzen zaigun arazoa erabakitzen saiatu gara: globalizazioa.

Hain modan dagoen hitz honek interpretapen ezberdinak izan eta izaten ditu, nahiz testu-liburuetan nahiz euskal-metodoetan.

Batzuek globalizazio hitzarekin lan nahastuak azaldu dizkigute.

Hortxe ditugu esperientzia-liburuak.

Besteek ordea, euskal arloan batez ere, eguneroko bizitzatik ideiak hartuz irakurgaiak aukeratu dituzte eta, hauetaz baliatuz, euskal gaiak adierazi dizkigute.